Logo Navarrabiomed

ENES  Vimeo
Inicio / Actualidad / Osasunak Osasunbidea Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kirurgialariak Trebatu Ditu Kirurgia

Osasunak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kirurgialariak trebatu ditu kirurgia laparoskopikoko teknika aurreratuetan

18/12/2018
Autor: 
Navarra.es

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak, Ezagutzaren Plangintza, Ebaluazio eta Kudeaketa Zerbitzuaren bitartez, kirurgia laparoskopikoko teknika aurreratuko prestakuntza eman die Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko (O-NOZ) kirurgialariei. “Kirurgia Laparoskopikoko Trebakuntzaren Ikastaro Aurreratua” duela gutxi burutu da Navarrabiomed Ikerketa Biomedikoaren Zentroko operazio-gela esperimentalean eta Osasun Esperientzien Zentroko instalazioetan, eta laparoskopia tekniketan beharrezkoa den entrenamendua emateko Kirurgia Orokorra eta Digestio Aparatua, Obstetrizia eta Ginekologia, eta Urologia eta Kirurgia Pediatrikoa espezialitateetan, beste batzuetan bezala, simulazio klinikoaren metodologia erabili da.

Prestakuntza Enrique Balenek, Kirurgia Orokorrean eta Aparatu Digestiboan espezialista denak, eta Orencio Tarriok, Obstetrizian eta Ginekologian espezialista denak, koordinatu dute. Halaber, Nafarroako Ospitale Guneko (NOG) espezialitate inplikatu guztietako irakasleen lankidetza izan dute: Coro Miranda, Kirurgia Orokorreko Zerbitzukoa; Edurne Uzcudum, Obstetrizia eta Ginekologia Zerbitzukoa; Miguel Ángel Pinos, Urologia Zerbitzukoa; eta Sara Hernández, Kirurgia Pediatrikoko Zerbitzukoa.

Prestakuntza-jarduera Osasun Departamentuaren 2018ko Irakaskuntza Planean kokatzen da, eta urtero egiten da 2007az geroztik, kirurgia laparoskopikoan trebatzeko prestakuntza-ildo finkatuaren zati bezala.

18 orduko klase praktikoak

Programaren antolakuntza eta kudeaketa honako hauek koordinatu dute: Victoria Garisoainek, Ezagutzaren Plangintza, Ebaluazio eta Kudeaketa Zerbitzukoak; eta Leticia San Josék, Navarrabiomed-eko animaliategiko eta operazio-gela esperimentaleko albaitariak.

Programa bereziki praktikoa da, kirurgialariek 8 orduko entrenamendua egiten baitute animalien ehunetan eta 10 orduko ebakuntzak anestesiatutako txerri biziarekin, espezialitate horietako prozedura kirurgikoak aplikatuta. Alde praktiko hori osatzeko, 3 orduko saioa egiten da bideoak ikusteko eta azalpen teorikoak emateko.

Simulazio klinikorako operazio-gela esperimentala

Osasun Departamentua azpiegiturak, instalazioak eta materialak jartzea bultzatzen ari da simulazio klinikoan aurrera egiteko. Hori dela-eta, 2015az geroztik abian jarritako Osasun Esperientzien Zentroari Navarrabiomed Ikerketa Biomedikoaren Zentroko Operazio-gela Esperimentala gehitu zaio; hots, profesionalen entrenamendurako espazio berria.

Operazio-gela esperimentala pasa den azaroan hasi zen lanean. Ezagutzaren Plangintza, Ebaluazio eta Kudeaketa Zerbitzuak eta Miguel Servet Fundazioak batera sustatzen dute, eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) egiaztatu du.

Simulazio klinikoaren metodologia ezin hobea da "egiten ikasteko" eta, modu horretan, praktika profesionalean modu eraginkorrean aplikatzeko alderdi tekniko-zientifikoetan jasotako ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak nahiz gaixoarekiko komunikazioan, lan-taldean eta gaixoaren segurtasunean jasotakoak edota osasun-emaitzak hobetzeko lan profesionalaren bikaintasuna bultzatzen duten elementu guztiak.

Modu horretan, Irakaskuntza Pabiloian kokatuta dagoen Osasun Esperientzien Zentroan, egoera errealak birsortzen dira, gaitasun klinikoak hobetzeko gaixoa artatzerakoan, honako hauek bezalako eremu kritikoetan: ZIU, anestesia edo larrialdiak, kontsultak, ebakuntza-gelak eta kirurgia eta ekografia teknikak, simuladoreekin. Navarrabiomed Ikerketa Biomedikoaren Zentroko operazio-gela esperimentalean, berriz, praktika kirurgiko errealeko eszenatoki berriak lantzen dira animalia biziekin.

X
Escriba su nombre de usuario NAVARRABIOMED: Plataforma científica al servicio de los profesionales sanitarios.
Escriba la contraseña asignada a su nombre de usuario.
Cargando