Logo Navarrabiomed

ENES  Vimeo
Inicio / Actualidad / Ospitalean Dauden 75 Urtetik Gorako Pazienteek Gaitasun Funtzionalak Berreskuratu Dituzte

Ospitalean dauden 75 urtetik gorako pazienteek gaitasun funtzionalak berreskuratu dituzte bana-banako ariketa fisikoko programa bati esker

13/11/2018
Autor: 
Navarrabiomed
“JAMA Internal Medicine” aldizkarian argitaratutako ikerketaren egileak. Atzeko lerroan (ezkerretik eskuinera): Fabricio Zambom Ferraresi, Álvaro Casas Herrero eta Javier Alonso Renedo. Erdiko lerroan (ezkerretik eskuinera): Agurne García Baztán, María Gonzalo Lázaro eta Itziar Apezteguía Iráizoz. Aurreko lerroan (ezkerretik eskuinera): Nicolás Martínez Velilla, Mikel López Sáez de Asteasu eta Mikel Izquierdo Redín.

Bana-banako ariketa fisikoko programa bat egin dute hiru urtez Nafarroako Ospitaleguneko Geriatria Zerbitzuan ospitaleratuak egon diren 75 urtetik gorako 370 lagunekin, eta “segurua eta eraginkorra” izan da adin horretatik gorako pazienteek ospitaleratzeagatik galtzen dituzten gaitasun funtzionalak berreskuratzeko. Beren egoera kognitiboak, bizi-kalitateak eta bestelako alderdiek ere hobera egin dute. Hori ondorioztatu du Nicolás Martínez-Velilla eta Mikel Izquierdo Redín koordinatzaile izan dituen ikerketa-proiektu batek. Navarrabiomed Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) ikerketa biomedikoko zentroko ikertzaile horien emaitzak Estatu Batuetako Medikuen Elkartearen aldizkarian argitaratu berri dira: “Journal of the American Medical Association” (“JAMA Internal Medicine”).

Aurkikuntza horiek bidea erakusten dute ospitaleratze medikoko unitateek beren paradigma tradizionala alda dezaten, hain zuzen eritasunari bakarrik erreparatu beharrean ospitaleratze tradizionala (ohean egotean oinarritu izan dena) pazientearen egoera funtzionalari negatiboki eragiten dion seinale klinikotzat joko duen paradigma batera.

Hauek dira ikerketaren egileak: NUPen aldetik, Mikel López Sáez de Asteasu eta Mikel Izquierdo ikertzaileak (Osasun Zientzien Saileko katedraduna); eta, Nafarroako Ospitalegunearen eta Navarrabiomeden aldetik, Nicolás Martínez Velilla (Geriatria Zerbitzuko burua), Álvaro Casas Herrero, Fabricio Zambom Ferraresi, Arkaitz Galbete Jiménez, Agurne García Baztán, Javier Alonso Renedo, Belén González Glaría, María Gonzalo Lázaro, Itziar Apezteguía Iráizoz eta Marta Gutiérrez Valencia, baita Alejandro Lucía Mulas (Madrilgo Europar Unibertsitatea) eta Leocadio Rodríguez Mañas ere (Getafeko Unibertsitate Ospitalea, Madril).

Indarra, oreka eta ibilketa uztartzen dituen ariketa fisikoko programa 

Ikerketan parte hartu duten lagunek indar-, oreka- eta ibilketa-ariketez osatutako bana-banako eta kontrolpeko programa bat gauzatu zuten, norberaren ahalbideetara egokitua, baita beren eritasunen fase akutuan ere. Parte-hartzaile bakoitzaren egoeraren arabera, gaitasun muskularraren % 30 eta % 60 bitarteko intentsitateko entrenamenduak zehaztu ziren, hankak eta besoak lantzeko ariketak egiteko. Saioek hogei minutu irauten zuten, eta egunean bi aldiz (goizez eta arratsaldez) egin behar izaten zituzten, ondoz ondoko bost, sei edo zazpi egunez (asteburuak eta jaiegunak barne), adinekoentzako ariketa fisikoaren arloko aditu batzuek banan-banan ikuskatzen zituzten bitartean.

Ariketa fisikoko programa hori, VIVIfrail entrenamendu-programatik egokitua (Europako zazpi herrialdetan hauskortasun-arazoak dauzkaten mila lagun ingururekin arrakastaz probatua), paziente bakoitzaren zirkunstantzia klinikoetara egokitua egoten zen beti, eta argi gelditu zen, haien hasierako osasun-egoeran konplikazioak eragin ordez, “hauskortasunari aurrea hartzeko lagungarria zela, baita ospitaleko egonaldi pasiboari lotutako arazoak deuseztatzeko faktore bat eta eritasuna gainditzeko motibazio-bide bat ere”, Nicolás Martínez-Velillak eta Mikel Izquierdok esan bezala.

“Gure ikerketak honako hau frogatu du: osagai anitzeko eta bana-banako ariketa fisiko berritzailea, intentsitate moderatuko erresistentzia-entrenamendua eginez aldi oso labur batez (bost egunez, batez beste), ospitaletako ohiko arreta baino onuragarriagoa da, eta lagungarria izan daiteke ospitaleratutako adinekoen gaitasun funtzional eta kognitiboak berreskuratzeko”, adierazi du NUPeko katedradunak.

Hobekuntzak bi indizetan

Ikerketaren emaitzen arabera, ospitaleko alta jasotzean, agindutako ariketa-programa egin zuen taldeak hura egin ez zuenak baino 2,2 puntu gehiago lortu zuen batez beste balorazio funtzionaleko SPPB eskalan (Errendimendu Fisikoaren Bateria Murriztua, ingelesezko siglen arabera), hau da, oreka, ibilketaren abiadura eta hanketako indarra neurtzen dituen 12 puntuko eskalan; eta 6,9 puntu gehiago batez beste Barthel-en independentzia-indizean, hots, eguneroko jardueretarako erabiltzen den 100 puntuko indizean. Emaitza horiek garrantzi berezia daukate; izan ere, zientzialari gehienen iritziz, SPPB eskalan puntu bat eta Barthel-en indizean bost puntu hobetzea esanguratsua da klinikoki.

Profil horretako pazienteekin orain arte egin diren esku-hartzeekin alderatuta, oraingo hau aurrerapen handia da alderdi funtzionalak maneiatzeari dagokionez, alde batera uzten baititu ohean egotea eta sedentario izatea sustatzen duten ospitaleratze-ereduak. “Orain arte, inork ez zuen pentsatzen horrelako pazienteek (adinekoak eta zenbait gaixotasun dituztenak) bost egunez onura aterako ziotenik bana-banako ariketa-programa bati, oso urruti baitago halako pazienteei eman ohi zaizkien mezuetatik, hala nola ‘altxa ohetik eta ibili pixka bat korridorean’ edo ‘gelditu ohean edo besaulkian atseden hartzen’”, azaldu du Nafarroako Ospitaleguneko buruak.

Halaber, esku-hartzearen ondoren onura esanguratsuak antzeman ziren kognizioaren eta bizi-kalitatearen ikuspuntutik. Aipatutako hobekuntzak bigarren mailako ondoriorik gabe eta ospitaleko egonaldia luzatu gabe lortu ziren, ikertzaileek artikuluan adierazi bezala.

“Hortik hiru hilabetera, baina, esku-hartze horrek ez zituen berrospitaleratze- eta heriotza-tasak aldatu. Kontuan hartuta ikertutako populazioa zaharra zela eta ospitaleratzearen ondoren teorian bizi-itxaropen laburragoa daukala, gure lanaren helburua ez zen haien bizitza luzatzea, bizi-kalitatea hobetzea baizik”, baieztatu du Nicolás Martínez-Velillak.

“Batzuetan, uste dugu hobekuntza teknologikoek edo azken tratamendu berritzaileek gure arazo guztiak konpon ditzaketela, baina ez gara ohartzen ospitaleratzeak sortzen duen desgaitasunak eragin handiagoa eduki dezakeela ospitaleratzea bera bultzatu zuen eritasunak baino. Alde horretatik, behin eta berriz azpimarratzekoa da ariketa fisikoak gaixotasunen prebentzioan eta tratamenduan izan dezakeen eragin positiboa”, erantsi du Mikel Izquierdok.

Ikerketak zenbait erakunderen finantzaketa jaso du, Nafarroako Gobernuarena, Espainiako Gobernuarena, Europar Batasunarena eta “la Caixa” eta Nafarroako Kutxa banku-fundazioena, besteak beste.

X
Escriba su nombre de usuario NAVARRABIOMED: Plataforma científica al servicio de los profesionales sanitarios.
Escriba la contraseña asignada a su nombre de usuario.
Cargando