DECISION proiektua: Zirrosiagatik hiltzen diren gaixoen kopurua murriztea bilatzen dute Europako Batasuneko ikertzaileek

Berriak
Komunikazio eta diseinu unitatea
T +34 848 422 201
Egileak
Navarrabiomed

DECISION proiektua: Zirrosiagatik hiltzen diren gaixoen kopurua murriztea bilatzen dute Europako Batasuneko ikertzaileek

  • Europako 21 instituziok indarrak batu dituzte etapa terminaleko gaixotasun hepatikoari eta gutxiegitasun hepatikoari medikuntza sistemikoaren ikuspuntutik heltzeko.
  • Navarrabiomed-FMSk Europako proiektuan parte hartuko du Bioinformatika Unitatearen bidez.

Interbentzio eta sendagai sorta anitz eskura izanagatik ere, milioi bat pertsona baino gehiago hiltzen dira urtero mundu osoan gaixotasun hepatiko kronikoaren (zirrosia) ondorioz. Gaixotasunak aurrera egiten duenean zirrosi desorekatura eta gutxiegitasun hepatiko akututik kronikora (ACLF), gibel-disfuntzioak beste organo batzuen hutsegitea eragiten du.

Zirrosiaren desoreka akutua eta gero, pazienteen %14 hiltzen da ACLFagatik hurrengo hiru hilabeteetan. Ez da ezagutzen gaixo batzuk zentzearen eta beste batzuk bizirautearen arrazoia, baina susmoa da erlazionaturik dagoela pazienteen artean dauden norbanakoaren araberako ezberdintasun genetiko handiekin, historia klinikoarekin, gertakizun prezipitatzaileekin, aurkezpen klinikoarekin eta tratamenduari ematen zaion erantzunarekin.

Norbanakoaren baitako ezberdintasun horiek tratamendu pertsonalizatuak eskatzen dituzte azpiko mekanismoen ulerkera zehatz batean oinarrituta. Egun, medikuntza sistemikoak eta errendimendu handiko teknologiak ahalbidetzen dute datu klinikoen analisia, integrazioa eta aurreikuspen eraginkor baten modelaketa, tratamendu egokitu eta pertsonalizatuago bat garatzeko.

Hurrengo 5.5 urteetan, DECISION ikerkuntza partzuergoak eskura dauden datu klinikoak eta, 8.600 denbora-puntutan, zirrosia duten 2.200 gaixoren lagin biologikoak ikertuko eta integratuko ditu terapia konbinatorio berriak identifikatzeko, animalietan balioztatzeko eta, gero, etorkizunik handiena duen terapia entsegu kliniko batean baloratzeko. 

DECISION proiektuaren helburu orokorra ACLF prebenitzea eta zirrosi desorekatua duten pazienteen artean hilkortasun tasa nabarmenki murriztea da. Proiektuak 6 milioi euroko finantzazioa jaso du Europako Komisioaren eskutik.