Nafarroa aitzindaria izango da giza genomaren azterketa osasun arreta publikoan sartzen, NAGEN 1000 proiektuari esker

Berriak
Komunikazio eta diseinu unitatea
T +34 848 422 201
Egileak
Navarrabiomed

Nafarroa aitzindaria izango da giza genomaren azterketa osasun arreta publikoan sartzen, NAGEN 1000 proiektuari esker

  • Navarrabiomed buru den partzuergo batek abangoardian kokatuko du Foru Komunitatea doitasunezko medikuntza pertsonalizatuan

Nafarroako Ospitaleguneak "NAGEN: 1000 Genoma Nafarroa Proiektua" (NAGEN 1000) aurkeztu du gaur goizean. Ekimeneko burua Navarrabiomed ikerketa biomedikoko zentroa da, eta bere helburua da Nafarroako osasun-sare publiko osoan giza genoma aztertzeko teknologiarik abangoardistena erabiltzea. Horretarako gaixotasun arraroak eta zenbait minbizi dituzten Osasunbideko pazienteen eta haien senideen 1.000 genoma aztertuko dituzte.

Aurkezpen ekitaldian besteak beste hauek parte hartu dute: Antonio Merinok, Nafarroako Ospitaleguneko kudeatzaileak; Ana Vicentek, Nafarroako Gobernuko Industria, Energia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiko I+G+b zerbitzuko buruak; Angel Alonsok, NAGENeko zuzendariak eta Iñaki Pinillosek, Nasertic-eko zuzendari kudeatzaileak.

Hiru urteko asmo handiko proiektua da, Espainiako osasun publikoaren esparruan aitzindaria dena, eta Foru Komunitatea genoma aztertzeko teknologiaren erabileran eta ezagutzan lehen postuan kokatzen duena.

Medikuntzaren etorkizuna gaur egun DNAren azterketan oinarritutako jarduera kliniko baterantz jotzen du. NAGEN 1000k doitasunezko medikuntza pertsonalizatu baterantz aurrera egiteko aukera emango du, gaixotasuna prebenitzeko eta ikerketa biomedikoa sustatzeko datu genomikoak erabiliz. Bestalde, Nafarroan industria-sektore horrekin lotuta dagoen aurrerapen teknologikoari ere lagunduko dio.

Proiektuak 2.984.000 €-ko finantzazio osoa du, 2017-2019 I+Gko proiektu estrategikoen Deialdiaren barruan jasotzen dena, S3 Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren esparruan, Garapen Ekonomikorako Departamentuak-Industria, Energia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak bultzatuta.

Diziplina anitzeko partzuergoa

Ekimen hau garatzeko Nafarroako Ospitaleguneak, NASERTIC enpresa publikoak, AVANTIA enpresak eta Navarrabiomed ikerketa biomedikoko zentroak (proiektuaren garapena zuzentzen eta koordinatzen duenak) parte hartzen duten partzuergoa sortu da.

Guztira ia 50 profesionalek lagunduko dute datu genomikoak osasun-helburuekin erabiltzen, NAGEN 1000 ekimenaren helburuak betetzeko. Talde horren burua Angel Alonso doktorea da, Nafarroako Ospitaleguneko Genetika Medikoa zerbitzuko mediku espezialista eta Navarrabiomed-ek aitortutako ikertzailea. Horrez gain, partzuergoaren barruan ezagutzak eta azpiegitura zientifiko-teknikoak partekatuko dira.

Halaber, partzuergoak Estatu eta nazioarteko mailako beste erakunde eta azpiegitura batzuen laguntza izango du, hala nola Analisi Genomikoko Zentro Nazionala (CNAG-CRG) eta Andaluziako Juntako Aurrerapen eta Osasun Fundazioaren Bioinformatika Klinikoko Ikerketa Arloa (AIBC-FPS). Erakunde horiek ikerketaren eta transferentzia teknologikoaren garapena bideratu eta aztertuko dute, proiektuaren Batzorde Zientifiko Zuzendariak ezarritako zuzentarauen arabera, genomika medikuntzan aplikatzen ospetsuak diren Estatuko eta nazioarteko adituek osatutakoa.

Nafarroa, eskualde estrategikoa

Nazioarteko aholkularien taldeak nabarmendu du Nafarroak lau ezaugarri nagusi biltzen dituela medikuntza genomikoa ezartzeko eta garatzeko: azterketa genetikoan lortutako informazioa eta gainerako historial klinikoa lotzeko aukera emango duten herritar bakoitzaren historia kliniko informatizatu bat egotea, komunitate osoko espezialitate medikoak koordinatzen dituen hirugarren mailako ospitale bat egotea, kopuru txikia, baina pazientea aukeratzeko, biltzeko eta haien jarraipena egiteko nahikoa dena, eta pazientearen senide hurbilengana jotzen laguntzen duen familia-nukleoak egotea. Halaber, proiektuak 1 genomako biztanleria-estaldura bat bermatuko du 500 biztanleko.

Halaber, IKT eta superkonputazioko azpiegitura bat garatuko da, datu genomikoak eskala handian biltegiratzeko eta prozesatzeko, ingurune seguru batean eta dagokion legezko esparruan. Bioinformatika Unitate bat abian jartzea ere jasotzen da, datu genomiko horiek toki mailan aztertzeko eta interpretatzeko, eta Medikuntza Genomikoko diziplina anitzeko Unitate bat, Osasunbideko medikuek osatutakoa, sanitarioei beharrezko ezagutzak ematen dizkiena diziplina berri honen abantaila guztiak gure pazienteen oheburuan jartzeko.

Genomikaren beste alderdi oso nabarmen bat bere eragin ekonomiko handia eta industria-eragilea izatea da, aurretik egindako beste esperientzia batzuetan ikusi den moduan: "Giza Genoma Proiektua" Estatu Batuetan, edo "100.000 Genoma Proiektua" Erresuma Batuan, azken hori Genomics England Ltd (GEL) erakundeak koordinatutakoa. Horrekin harremanetan jarri dira eta lankidetza-lerroak ezarri ditu Nafarroako partzuergoak.

NAGEN 1000 ekimenaren barruan zenbait balorizazio-estrategia aztertuko dira, betiere indarreko eta ezarritako legezko arautegira egokituz. Horrela, proiektua eskualdeko garapen-tresna garrantzitsu bat bihurtuko da, ikerketa biomedikoa bultzatzen delako eta industria-garapeneko arlo berri bat aztertzen delako. Horri esker, Nafarroa osasun-sistema publikoarekin lotutako medikuntza pertsonalizatuko sektorearen abangoardian kokatuko da.

 

Irudiak
Rueda de prensa de presentación del proyecto.
Deskargatu
Rueda de prensa de presentación del proyecto.
Deskargatu
Representantes del Consorcio que integran el proyecto NAGEN 1000.
Deskargatu