Pirinioetan larrialdietako eta hondamendietako mediku laguntza hobetzeko Europako sare batean parte hartuko du Nafarroak

Berriak
Komunikazio eta diseinu unitatea
T +34 848 422 201
Egileak
Navarrabiomed

Pirinioetan larrialdietako eta hondamendietako mediku laguntza hobetzeko Europako sare batean parte hartuko du Nafarroak

  • Azken asteetan COVID-19 gaixotasunagatiko osasun-arretan soilik jardun duten Osasunbideko profesionalek EGALURG proiektuaren jarduerari ekin diote berriro, Navarrabiomedek antolatutako online topaketa batekin
     

EGALURG mugaz gaindiko lankidetza sarearen bideokonferentzia bidezko lehen topaketa antolatu zuen atzo Nafarroak, eta helburua da Frantziako, Andorrako eta Espainiako Pirinioetako isurialdeko eskualde guztietan larrialdi eta hondamendi egoeretan sarbidea eta osasun laguntza bermatzea, baldintza berdinetan.

Osasunbideako larrialdietako profesionalak Okzitaniako, Akitania Berriko eta Kataluniako adituekin elkarlanean arituko dira. Navarrabiomedek, EGALURG sareko kidea, profesional horien arteko lotura erraztu du.

Toulouseko Unibertsitate Ospitalea da EGALURG sarearen buru, eta bertan bazkide bezala parte hartzen dute, Navarrabiomedek ez ezik, Baionako Ospitaleak eta Kataluniako Larrialdi Medikoen Zerbitzuak. Sare hori Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) Europako Programaren barruan garatzen da. Ofizialki, iazko azaroan hasi zen, eta 30 hilabeteko iraupena izanen du guztira. Oraingoz, kideen arteko bilera antolatu dira: lehenengoa abenduaren 19an Toulousen; bigarrena, atzo, modu telematikoan, deseskalatzearen nazioko planaren arautegia betez. 

EGALURG partzuergoak Pirinioetako eremuko laguntza medikoa hobetzeko lan eginen du, maila juridiko edota administratiboan mugak oztopo bat izan ez daitezen, eta eskualdeen arteko osasun koordinazioa sustatuko da. Ekimenak arreta berezia jartzen du geografikoki isolatuta dauden eta hondamendi edo larrialdi egoera bizi duten biztanleei eskaintzen zaien arretan.

Laguntza hori hobetzeko, EGALURGek pazienteei arreta eskaintzeko protokoloak harmonizatzen lan eginen du hurrengo hilabeteetan, gailu medikoak kudeatzeko eta aurrea hartzeko. Halaber, tresna berritzaileak garatuko dira osasun laguntzaren eraginkortasuna handitzeko, sistema ezberdinak eta hizkuntza aniztasuna oztopo izan ez daitezen. Alde horretatik, herrialde bakoitzean erregistroak sortuko dira, ebaluazioa eta ikerketa ahalbidetzen dituen plataforma informatikoarekin, datu epidemiologikoetan oinarritutakoa.

EGALURG Nafarroan

Nafarroako taldeak datu base bat garatuko eta ezarriko du, traumatismo larrien ezaugarriak eta mugaz gaindiko baliabide eraginkor komunak biltzen dituena. Horrez gain, Europako sarearen komunikazio jarduna kudeatuko du, hainbat jarduera garatuz, eta partaide diren eremuetako eragileak koordinatuko ditu.

COVID-19 gaixotasunak eragindako egoeraren aurrean, EGALURGek aurrez aurreko zenbait ekitaldi eta prestakuntza atzeratu ditu, profesionalen arteko lankidetza hobea bermatzeko eta gaitzeko. Taldeak uste du simulazio-ekitaldiak eta egonaldiak antolatu ahal izango direla datorren urtean. “Simulazioa funtsezkoa da osasun-langileek larrialdi edota hondamendi egoeren antzeko testuingurua duten espazioetan entrenatu ahal izateko. Espero dugu aurreikusitako ekintzak berrantolatu ahal izatea, eta 2021ean topaketak egitea protokoloak eta praktika onak bateratzeko”, adierazi du Arantxa Ibarrola Nafarroako proiektuaren kudeatzaileak.

EGALURG egiteko aurrekontu osoa 2.343.192 eurokoa da. Horietatik 1.523.074 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) diruz laguntzen ditu. EGEFek proiektuaren %65 finantzatu du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bidez (POCTEFA 2014 2020). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugen eremuan integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da. Haren laguntza mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzera bideratuta dago, lurraldearen garapen iraunkorraren aldeko estrategia komunen bidez.

Irudiak
Ezkerretik eskuinera: Tomás Belzunegui (NUP), Andrea Ucar, Marisol Fragoso, Bidatz Villanueva, Arantxa Ibarrola eta Rafael Huarte (Navarrabiomed) Navarrabiomeden EGALURGeko gainontzeko kideekin izandako online bileran.
Deskargatu