Chivite Lehendakariak Nafarroako Sekuentziazio Masiboko lehen Zentroa inauguratu du, medikuntza pertsonalizatuaren estrategiaren oinarria

Berriak
Komunikazio eta diseinu unitatea
T +34 848 422 201
Egileak
Navarrabiomed

Chivite Lehendakariak Nafarroako Sekuentziazio Masiboko lehen Zentroa inauguratu du, medikuntza pertsonalizatuaren estrategiaren oinarria

  • Teknologiari esker, pertsona baten genoma osoa aztertu daiteke 24 ordutan eta gaixotasun hereditarioak edo genetikoak eragiten dituzten mutazioak identifikatu

Nafarroako Lehendakari Maria Chivitek Foru Komunitateko Sekuentziazio Masiboko lehen Zentroa inauguratu du gaur arratsaldean, Espainiako Gobernuko Ikerkuntzako idazkari nagusia den Rafael Rodrigok emandako inaugurazio-hitzaldia izan duen ekitaldian.

Zentroa NASERTIC enpresa publikoaren instalazioetan aurkitzen da, eta Medikuntza Pertsonalizatuko Departamentuarteko Batzordeak bultzatu du; Espainia osoan, horrelako gaitasuneko bigarren zentro publikoa izango da.

Lehendakariak azpimarratu du medikuntza pertsonalizatua “Nafarroako Gobernuko suspertze sozial eta ekonomikoko proiektu ezberdinen euskarri diren bektoreetako bat dela”; proiektu horiek Nafarroa Suspertu Planean jasotzen dira, eta Europako funtsen nahiz lankidetza publiko-pribatutik sortutako ekimenen finantzaketa eskuratu nahi dute. 

Chivite “lidergo publikoaren mende dagoen abangoardiako medikuntzaren” alde agertu da, erakundeek konpromisoa hartu behar baitute “ahalik eta pertsona gehienentzat ahalik eta ongi handiena lortzeko”. Era berean, proiektu hau posible egiten duten taldeen inplikazioa azpimarratu du, Nafarroako osasun-sistemaren indarra eta bikaintasuna gogoratzearekin batera, zeren, “pandemian zehar tenkatua izan bada ere, salbuespenezko profesionalak dituela erakutsi du”. Nafarroa osasun-arloan bikaintasuneko lurraldea dela azpimarratu du Lehendakariak, eta “honako hau bezalako proiektuei esker, medikuntzaren abangoardian egoten jarraituko du etorkizunean”.

Bestalde, Rafael Rodrigok honela adierazi du: “gizartearen, ekonomiaren eta osasunaren berreraikitze-fase honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da medikuntza egiteko modu berri bat bultzatzea, ezagutza zientifikoarekin eta dagoen informazio guztia ustiatzeko gaitasunarekin lotuta, osasun-sistemaren kalitatea eta eraginkortasuna areagotzeko”. “Ikuspegi horrek medikuntza seguruagoa, eraginkorragoa, prebentiboa eta prediktiboa lortu nahi du”; “gaur inauguratzen den bezalako zentroak funtsezko piezak dira medikuntza pertsonalizatuaren eremuan egiten ari garen bidean”, adierazi du.

Programa

Ekitaldia online nahiz formatu presentzialean egin da enpresa publikoan bertan, eta hasiera honako hauek eman diote: Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak, Juan Cruz Cigudosak; Osasun Departamentuko kontseilariak, Santos Indurainek; eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak, Manu Ayerdik. Gainera, NASERTICeko Medikuntza Pertsonalizatu eta Laborategietako zuzendaria den Gonzalo Rodriguezek bisita gidatua egin du instalazioetan barrena zuzenean, modu birtualean.

Ekitaldian, bi mahai-inguru eta hiru hitzaldi garatu dira. Nasertic-eko zuzendari kudeatzailea den Iñaki Pinillos mahai-inguru hau moderatzeaz arduratu da: Nola osatzen dugu ekosistema bat Medikuntza Pertsonalizatuaren inguruan?. Bertan, hizlari ezberdinek esku hartu dute hainbat erakunderen izenean; tartean, Illumina enpresa, Analisi Genomikoaren Zentro Nazionala (AGZN), Aurrerapena eta Osasuna Fundazioa eta NASERTIC bera.

Zehazki, genomikak ikerketan duen eginkizunaz eta Medikuntza Pertsonalizatuaren esparru estrategikoaren oinarri izan behar duten printzipioez aritu dira hizketan, edota industria-ehunak Medikuntza Pertsonalizatuaren ekosisteman izan behar duen paperaz ere bai, beste alderdi  batzuen artean.

Bestalde, “Medikuntza Pertsonalizatuaren aplikazio klinikoak eta Europako proiekzioa” mahai-ingurua Nasertic-eko Berrikuntza eta Kultura Enpresarialeko zuzendaria den Toya Bernadek moderatu du, eta honako hauek bezalako erakundeen ordezkariak hartu dute parte: Navarrabiomed – NOG, CIMA Lab Diagnostics edo Barcelona Supercomputing Center.

Oraingoan, praktika hori osasun-arloan integratzeko moduaz eta, horretarako, ospitaleek, ikerketa-zentroek eta unibertsitateek betetzen duten paperaz hitz egin dute. Halaber, Medikuntza Pertsonalizatuaren aldeko apustuak COVID-19ak eragindakoaren antzeko etorkizuneko krisietan izan dezakeen inpaktuaz aritu dira. 

Ikerketako Idazkari Nagusia den Rafael Rodrigoren inaugurazio-hitzaldiaz gain, beste bi hitzaldi izan dira. Santiago de Compostelako Unibertsitateko (SCU) Legezko Medikuntzako katedraduna eta Medikuntza Genomikoaren Galiziako Fundazio Publikoko zuzendaria den Ángel Carracedok Medikuntza Pertsonalizatuaren Translazioa jorratu du; Eupako Batzordearen Espainiako Ordezkaritzaren zuzendari Francisco Fonsecak, berriz, Europako Digitalizazioak munduko testuinguruan duen erronkari buruzko gogoeta egin du.

Sekuentziazio Masiboa

Gizaki bakoitzaren genoma 3.000 milioi elementuz (oinarriak) osatuta dago, eta paregabe egiten dute. Oinarri horietako bakoitzaren aldaketak (mutazioak deituak) eragin ditzake pertsonak dituen gaixotasunak edo etorkizunean izan ditzakeenak. Sekuentziazio masiboak pertsona baten genoma osoa aztertzeko aukera ematen du 24 ordutan eta gaixotasun hereditarioak edo genetikoak eragiten dituzten mutazioak identifikatzeko aukera ere bai (adibidez, fibrosi kistikoa edo herentziazko minbizi ezberdinak).

Sekuentziazio Masiboaren Zentroa Illumina NovaSeq6000 sekuentziadoreak osatzen du; hau da, sekuentziazio genomikoaren proiektuak azkar, modu eskalagarrian eta ekonomikoan egiteko abiadura eta gaitasuna ematen duen azken belaunaldiko ekipoak.

Illumina NovaSeq6000 sekuentziadorea erosteko, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak egindako 2 milioi euroko inbertsioari esker, Sekuentziazio Masiboko Zentroa jarri da abian. Azpiegitura Nasertic-eko superkonputazioko klusterrak (HPC) osatzen du; gainera, NASERTIC-eko plantillan Gonzalo Rodriguez doktorea sartu da Medikuntza Pertsonalizatu eta Laborategietako zuzendari bezala.

Zentro honekin, Exekutiboaren asmoa da Nafarroa erreferente bilakatzea genomikaren eta Medikuntza Pertsonalizatuaren arloan, horrek Nafarroako industria-sektorea indartzen, arlo horretako ikerketa sustatzen eta gizartearen osasuna eta ongizatea hobetzen lagun dezan.

Ildo berean, Osasun Departamentuak, proiektuak berrikuntzan egiten duen apustu garrantzitsua eta garapen ekonomiko eta sozialaren motore gisa duen potentziala azpimarratzeaz gain, izateko haren azken arrazoia eta helburua nabarmentzen ditu; hain zuzen ere, pertsonen bizitza hobetzea. Departamentuarentzat, Sekuentziazio Masiboaren Zentroa garrantzitsua da Medikuntza Pertsonalizatuaren aldeko apustuan, eta Nafarroari aukera emango dio erreferentziazko espazioa eta espazio berritzailea izateko, eta horren eraginak, beharbada, mugak gaindituko ditu. Era berean, ekitatearen, etikaren, eraginkortasunaren eta iraunkortasunaren ikuspegitik, pazienteen diagnostiko eta arretarako onuragarria izango dela uste du.

Irudiak
Manu Ayerdi, Santos Induráin, Chivite Presidentea eta Iñaki Pinillos.
Deskargatu
Sekuentziazio Masiboko Zentroa, Illumina NovaSeq6000 sekuentziatzailearekin lehen planoan
Deskargatu
Illumina NovaSeq6000 Sekuentziatzailea
Deskargatu
Naserticen superkonputazioaren klusterra
Deskargatu
Naserticen sekuentziazio masiboko zentroa