Navarrabiomed-eko eta NOGeko profesionalek SciencEkaitza lehiaketan saritutako hiru proiektutan parte hartu dute

Berriak
Komunikazio eta diseinu unitatea
T +34 848 422 201
Egileak
Navarrabiomed

Navarrabiomed-eko eta NOGeko profesionalek SciencEkaitza lehiaketan saritutako hiru proiektutan parte hartu dute

  • Sariak banatzeko ekitaldiarekin, Nafarroako Berrikuntza Sistemari omenaldia eginez, amaiera eman zaio Iruñean zientziari eta kultura zientifikoari eskainitako asteari

Bioheart’ proiektuak SciencEkaitza nazioarteko lehiaketaren sari nagusia lortu du, gaur arratsaldean egin den Nafarroako Zientziaren III. Galaren esparruan. Ekitaldia Luis Piedrahita umoristak aurkeztu du, eta beste zazpi sari ere banatu dituzte. Bertaratuek ‘Dinamo’ ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute, La Fura dels Baus taldeak horretarako estreinatua.

Bioheart-ek proposatzen du giza bihotz-ehun bio-artifizialen garapenean berrikuntza-nodo bezala kokatzea Nafarroa eta horiek erabiltzea kardiotoxizitatearen probatze industrialerako eta (aurre)klinikorako. Isabel Sola, SciencEkaitza epaimahaiko kidea, arduratu da sari hau emateaz.

‘Bioheart’ taldea lehiaketara aurkeztutako talde handienetako bat da; 35 pertsona ditu erakunde hauetakoak: CIMA (Ikerketa Mediko Aplikatuaren Zentroa), CUN (Nafarroako Unibertsitate Klinika), Navarrabiomed (Ikerketa Biomedikoaren Zentroa), Navarrabiomed-NOG eta Ikan Biotech enpresa.

Sariak banatzeko ekitaldiari hasiera Luis Piedrahita aurkezleak eman dio, sabaitik zintzilikatuta eta plataforma mugikor baten gainean lurra hartuz. Plataforma horren gainean Navarra Arenako pista osoa igaro du umoristak, eta bertatik aurkeztu ditu talde irabazleak. Piedrahita, halaber, Paula Noya agurtu du, Lankidetza Teknologikoaren eta Bikaintasunaren zuzendaria ADItech-en, SINAIko koordinatzailea, eta erakunde antolatzailea, eta SciencEkaitzaren funtsa azaldu du. Horrez gain, Mikel Irujok, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak, eta Juan Cruz Cigudosak, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak, Piedrahitarekin batera aipatu dute zientziaren gala honek Nafarroarentzat duen balioa.

Ekitaldian, halaber, SE2021 SINAI saria banatu da; hots, Nafarroako espezializazio adimentsuko sei arlo teknologikoren bateko jarduneko proiektu kolaboratiboak saritzen dituena. Ideia irabazlea ‘Diaterei’ izan da, endokarditisean zehar bihotz-balbularen zeluletan aldaketak identifikatu nahi dituen proiektua, gizonen eta emakumeen artean infekzioaren garapenean dauden desberdintasun molekularrak aztertzeko. Juan Luis Arsuaga epaimahaikideak banatu du saria. Talde hau osatzen duten 25 pertsonak Navarrabiomed, Navarrabiomed-NOG, CIMA eta AIN (Nafarroako Industriaren Elkartea) elkarteetakoak dira.

SE2021 OPEN Nasertic Saria berria izan da edizio honetan, eta Nafarroatik kanpoko ikerketa-taldeek parte hartzen duten ideia disruptibo berriak saritu ditu. Besteak beste, Errioxa, Euskadi, Madril eta Valentzia bezalako autonomia-erkidegoetako proposamenak eta Frantzia eta Australia bezalako beste herrialde batzuetakoak ere jaso dira. ‘U-Space’ Navarra ideia izan da irabazlea SE2021 OPEN Nasertic kategoria honetan, herritarren segurtasunerako irismen luzeko dronak erabiltzea lortzeagatik: erreskatea, suteak itzaltzea, trafikoaren kudeaketa, larrialdiko logistika eta azpiegitura kritikoaren ikuskaritzarako (linea elektrikoak eta gaseoduktuak). Iñaki Pinillosek, Nasertic-en zuzendari nagusiak, banatu du saria. Taldea FuVeX (irismen luzeko dronen enpresa), Nafarroako Gobernua, NAITEC eta NUPeko kideek osatzen dute.

SE2021 PÚBLICO Viscofan Saria SciencEkaitzaren web orrialdean jasotako botoen bidez hautatu da. Guztira 10.725 boto jaso dira, azken edizioan baino ia bi aldiz gehiago. ‘Reflexiones Ocultas’ proiektua izan da kategoria honetako irabazlea; hau da, zientziaren eta artearen munduak batu nahi dituen proiektua, inpaktu bisual handiko obra artistikoak sortzeko aukera ematen duen prozesu zientifiko baten garapenari esker. Jose Angel Arrarasek, Viscofan Taldeko I+G arloko Zuzendari Korporatiboak, eman du saria. Proiektua AINeko (Nafarroako Industriaren Elkartea) kideek osatzen dute.

Lau aipamen berezi

SE2021IDEAS Saria, lehiaketan proiektu gehien dituen kategoria, lau Aipamen Berezitan zatitzen da, eta IDEAS lehen sariaren aurretik banatu dira. Lehen Aipamena ‘Ideas Automoción y Mecatrónica’ izan da, eta Rafael Aquiquek, Dana Automocioneko CEOk, SPRIs-AI-i eman dio, kirolarekin loturiko lesio lotailu eta artikularren errehabilitazioa hobetzeagatik Adimen Artifiziala erabilita. Aukera ematen du posizioak ezagutzeko eta ariketak ebaluatzeko mugikor batetik bideo-kapturak eginda. Taldea San Miguel Klinikako eta NUPeko langileek osatzen dute.

IDEAS Cadena Alimentaria Aipamena ‘AI-Value’-rentzat izan da, Nafarroan nekazaritzako elikagaien hondakinak birziklatzeko eta horiei balioa emateko Adimen Artifizialeko erreminta bat garatzeagatik. Ramon Gonzalok banatu die saria, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak. Proiektu honetan, CNTAk eta NUPek parte hartu dute.

Era berean, ‘Radical’ proiektuak irabazi du IDEAS Energías Renovables y Recursos Aipamen Berezia, detektatzeko sistema berria garatzeagatik; hau da, kostu baxuko radar-sentsoreak, metasuperfiziekin hobetuak, modulo fotovoltaikoen kalitate-kontrol ez suntsitzaileari aplikatua. Saria Eduardo Ryanen eskutik jaso dute, Iberdrolaren Nafarroako zonako burua. NUPen eta CENER-en RADICALean parte hartzen dute.

IDEAS Salud izan da azken Aipamen Berezia, eta ‘Hepagena’ proiektuarentzat izan da, Nafarroako pediatriako biztanleen artean esteatosi hepatikoarekin loturiko gaixotasun metabolikoaren azterketa genetikoa, soziodemografikoa eta prospektiboa burutzeagatik. Alfonso Sánchez-Tabernerok saria eman dio edizio honetako talde ugaritako beste bati, NUPek, Navarrabiomedek, NOGek, UNAVek eta CUNek osatua.

Ikuskizuna

Sarien banaketa SciencEkaitza 2021 IDEAS-ekin amaitu da, eta aurrean aipaturiko BIOHEART proiektuarentzat izan da; ondoren, la Fura dels Baus taldeak Dinamo aurkeztu du, SciencEkaitzarako pentsatutako ikuskizuna, dantza garaikidea eta antzerkia bezalako arte-diziplinak teknologiarekin eta ingeniaritzarekin batzen dituena. Dinamok ikuslea pentsamendu zientifikoaren prozesuan murgiltzen du, eta irudimenetik abiatzen garela erakusten du, sormen-prozesu goren gisa, eraldaketa,  garapena eta berrikuntza jorratzeko. Ikuskizun honen bitartez, Nafarroako sare zientifikoa omendu nahi izan dute.

SciencEkaitza Sari Zientifikoak ADItech-ek antolatzen ditu, SINAIren (Nafarroako I+G+b Sistema) koordinatzaileak, Nafarroako Gobernuaren, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren (FECYT bidez) lankidetzarekin eta beste erakuande publiko eta pribatu batzuen babesarekin.

Irudiak
Equipo de investigación del proyecto Bioheart
Deskargatu Flecha que indica descarga
Equipo de investigación del proyecto Hepagena
Deskargatu Flecha que indica descarga
Miembros de Diaterei recibiendo el galardón
Deskargatu Flecha que indica descarga