Osasun departamentuak lau ekimen digital hautatu ditu osasun-arreta eta gaixoen eta profesionalen arteko koordinazioa hobetzeko.

Berriak
Komunikazio eta diseinu unitatea
T +34 848 422 201
Egileak
Navarrabiomed

Osasun departamentuak lau ekimen digital hautatu ditu osasun-arreta eta gaixoen eta profesionalen arteko koordinazioa hobetzeko.

  • Osasun-sistemako profesionalek berek egindako proposamenak aurkeztu diren 59 proiektuen artetik aukeratu dira
     

Nafarroako Gobernuak Foru Komunitateko osasun sistemako profesionalek proposatutako lau erronka hautatu ditu, tresna digitalen bidez osasun arreta hobetzeko. Lau ekimenen helburua larrialdietako eta ebakuntza-gelako asistentziaren koordinazioa handitzea da, bai eta osasun-zentroetako erabiltzaileei eta paziente onkologikoei emandako informazioa hobetzea ere. Proposamen horiek laguntza ekonomikoa jasoko dute orain, martxan jartzeko beharrezkoak diren irtenbide digitalak garatzeko.

Zehazki, ConectaSOS, QuiroHelp, MiCentro eta UMD360 dira hautatutako proiektuak. Lehena komunikazio sistema berri batean datza, larrialdi-egoeran dauden gaixoen kudeaketan eta garraioan agenteek erantzuteko eta koordinatzeko denbora hobetuko duena, anbulantzietatik hasita, Nafarroako Ospitaletegiko Larrialdietako triaje talderaino, larrialdiak koordinatzeko zentrotik (SOS Nafarroa) pasatuta. Bestalde, Quiro-Help-ek chatbot zerbitzua eskainiko du, kirofanoko erizaintza instrumentistako langileen erantzun-denbora hobetzeko, protokoloak, praktika kirurgikoak eta tresnak eta materialak aurkitzeko informaziora sarbidea izateari esker.

MiCentro ekimenak osasun etxeen eta bere pazienteen arteko komunikazio bide berri bat proposatzen du, SMS zerbitzuaren bidez hitzorduen kudeaketa egiteko eta informazio garrantzitsua zabaltzeko. Azkenik, UMD360 proiektuak ginekologia minbizia duten pazienteei Minbizi Ginekologikoaren Disziplina-anitzeko Unitateak modu integratuan eta koordinatuan diseinatutako informazio guztia eta zerbitzuak erraztuko dizkie.

59 ekimen

Nafarroako Gobernuak urtarrilean zabaldu zuen deialdiaren emaitza da hautaketa hori, sektore publikoko osasun arloko langileek proposa zezaten Foru Gobernuak osasun sistema hobetzeko zer berrikuntza erronkari egin beharko liokeen aurre. Deialdia Osasun Departamentuak abiarazi zuen, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuarekin eta Ekonomia eta Enpresa Garapeneko Departamentuarekin lankidetzan, Nafarroako Enpresa eta Berrikuntza Zentro Europarraren (CEIN) eta Nafarroako Garapenerako Elkartearen (SODENA) eskutik. Proiektu hau osasunaren arloko berrikuntzei laguntzeko inDemand programaren barruan sartzen da.

Guztira, 59 ekimen aurkeztu zituzten, denak sektore publikoko osasun arloko langileen taldeek, bai Oinarrizko Osasun Laguntzakoek, bai ospitalekoek, osasun arloetakoek eta Osasun Departamentukoek.

Deialdiaren ebazpena martxoaren 6rako aurreikusita zegoen arren, jasotako proposamen kopuru handiagatik eta koronabirusa COVID-19arenpandemiaren zabalkundeagatik atzeratu da. Epaimahaia, CEINek koordinatua, Osasuna, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko zuzendaritza orokorraren ordezkariek osatu dute, Nafarroako Osasunbidea Zerbitzuko Berrikuntza eta Antolaketa alorraz eta Sodenaz gain. 

Hautatutako lau irtenbide digital horiek Nafarroako Gobernuko Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren I+G+B Zerbitzua emateko aurreikusitako berariazko laguntzen deialdiaren onuradun diren enpresek garatuko dituzte. Alarma-egoera bukatu bezain laster eginen da deialdia, ekainean, seguruenik.

Garapenaren fase horretan, 2021eraino luzatuko dena, erronken talde bultzatzaileek eta enpresek elkarrekin eginen dute lan proposatutako baliabide digitalen prototipoak lortzeko. Enpresek, denbora horretan, aholkularitza eta babesa jasoko dute CEIN eta SODENAren eskutik, Navarrabiomed Ikerketa Biomedikorako Zentroarekin koordinazioan. Gainera, zentro horrek aurkeztutako gainontzeko erronkak aztertuko ditu horien berrikuntzaren eta hobekuntzaren alorrak antzemateko. 

inDemand proiektua

Ekimen hau inDemand Europako proiektuaren barnean sartzen da, Horizonte 2020 programak finantzatua, eta Murtziako eskualdeak zuzendua, Oulu (Finlandia) eta Paris-Ille de Francekin (Frantzia) batera. Proiektu honen helburua osasun erakundeen etaenpresen arteko elkarlan eredu berri bat garatzea da, osasun sistemako langileek proposatutako berrikuntza erronkei erantzuteko osasun digitaleko irtenbideak elkarrekin garatzeko. Nafarroak 2018tik parte hartzen du proiektu honetan inDemand komunitateko kide bezala, lankidetza eredu hori Foru Komunitatean txertatzeko eta eskualdeko finantzazioarekin.

Irudiak
Imagen promocional InDemand
Deskargatu