Ospitalean dauden 75 urtetik gorako pazienteek funtzio kognitiboak hobetu dituzte bana-banako ariketa fisikoko programa bati esker

Berriak
Komunikazio eta diseinu unitatea
T +34 848 422 201
Egileak
Navarrabiomed

Ospitalean dauden 75 urtetik gorako pazienteek funtzio kognitiboak hobetu dituzte bana-banako ariketa fisikoko programa bati esker

Bana-banako ariketa fisikoko programa bat egin dute bi urte eta erdiz Nafarroako Ospitaleguneko Geriatria Zerbitzuan ospitaleratuak egon diren 75 urtetik gorako 370 lagunekin, eta, ondorioz, paziente horien “funtzio kognitiboa hobetu egin da”. Hori da Nafarroako Ospitaleguneko Navarrabiomedeko ikertzaileek eta Brasilgo Rio Grande do Sul Unibertsitatekoek “PLOS Medicine” osasun aldizkarian argitaratu duten artikulu baten ondorio nagusia. Navarrabiomed Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikerketa Biomedikoko Zentroa da. Artikuluaren egileen arabera, emaitza horrek erakusten du beharrezkoa dela “ohean egotean oinarritzen den ohiko ospitaleratzea aldatzea, pazienteen gaitasun funtzionala eta funtzio kognitiboa mantentzea aintzat hartuko duen beste ospitaleratze mota batera igarotzeko, pertsonaren egoera funtzionalaren osagai giltzarriak baitira”.

Hauek dira ikerketaren egileak: NUPen aldetik, Mikel López Sáez de Asteasu eta Mikel Izquierdo Redín ikertzaileak (Osasun Zientzien Saileko katedraduna); eta, Nafarroako Ospitalegunearen eta Navarrabiomeden aldetik, Nicolás Martínez-Velilla (Geriatria Zerbitzuko burua), Álvaro Casas Herrero, Fabricio Zambom Ferraresi eta Arkaitz Galbete Jiménez. Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuko (IdiSNA) kideak dira denak, Galbete izan ezik, baita Karlos III.a Osasun Institutuko Hauskortasunari eta Zahartze Osasungarriari buruzko Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroko kideak ere (CIBERFES). Rio Grande do Sul Unibertsitateko Eduardo L. Cadorek ere sinatu du artikulua. 

Indarra, oreka eta ibilketa uztartzen dituen ariketa fisikoko programa

Ikerketan parte hartu duten lagunek indar-, oreka- eta ibilketa-ariketez osatutako bana-banako eta kontrolpeko programa bat gauzatu zuten, norberaren ahalbideetara egokitua, baita beren eritasunen fase akutuan ere. Parte-hartzaile bakoitzaren egoeraren arabera, gaitasun muskularraren % 30 eta % 60 bitarteko intentsitateko entrenamenduak zehaztu ziren, hankak eta besoak lantzeko ariketak egiteko. Saioek hogei minutu irauten zuten, eta egunean bi aldiz (goizez eta arratsaldez) egin behar izaten zituzten, ondoz ondoko bost, sei edo zazpi egunez (asteburuak eta jaiegunak barne), adinekoentzako ariketa fisikoaren arloko aditu batzuek banan-banan ikuskatzen zituzten bitartean.

Ariketa fisikoko programa hori kasuan kasuko pazientearen inguruabar klinikoetara egokitzen zen beti, eta Vivifrail entrenamendu programatik egokitua da (Europako zazpi herrialdetan bizi diren eta hauskortasun arazoak dauzkaten mila lagun ingururekin arrakastaz probatua).. Ikertzaileen talde horrek berak joan den urtean “Journal of the American Medical Association” (“JAMA Internal Medicine”) Estatu Batuetako Medikuen Elkartearen aldizkarian argitaratu zuen artikulu batean argi gelditu zen ariketa fisikoko programa hori “hauskortasunari aurrea hartzeko lagungarria zela, baita ospitaleko egonaldi pasiboari lotutako arazoak deuseztatzeko faktore bat eta eritasuna gainditzeko motibazio-bide bat ere”, eta ez zuela konplikaziorik eragiten pazienteen hasierako osasun egoeran. Hala ere, haratago joan nahi izan zuten ikertzaileek, eta orain arte gutxi aztertu den gai bat ikertu dute: pazienteen funtzio kognitiboetan dituen onurak.

Mikel Izquierdok dioen bezala, ospitaleratzea eskatzen duen gaixotasun akutua “epe luzeko desgaitasun batean amaitzen da maiz” adineko pertsonen kasuan. “Ohean denbora luze egoteak narriadura kognitiboa eta dementzia garatzeko arriskua handitzen du ospitaleratze akutuan dauden adineko helduengan”, gehitu du Nicolás Martínez-Velillak. 

Hobekuntzak pazienteengan

Ikerketaren emaitzen arabera, ospitaleko alta jasotzean, agindutako ariketa-programa egin zuen taldeak zenbait alderdi hobetu zituen ariketa-programa egin ez zuen taldearen aldean: hitzezko gaitasuna eta gaitasun aritmetikoa, orientazioa, memoria, arreta, hitz-jarioa eta objektuak espazioan kokatzeko abilezia, baita trebetasun kognitiboak ere. Artikulua sinatu dutenen arabera, “ariketa fisikoko programa bat egiteak ospitaleratuta dauden adineko pazienteei ekartzen dizkien onurak aipatzen dituen lehen ikerketa da hau. Programa hori osagai anitzekoa da eta berariazko funtzio kognitiboei erreparatzen die, hala nola funtzio exekutiboari eta hitz-jarioari”.

Irudiak
“PLOS Medicine” aldizkarian argitaratutako ikerketaren egileak, Navarrabiomeden. Nicolás Martínez-Velilla, Mikel Izquierdo Redín, Mikel López Sáez de Asteasu, Fabricio Zambom Ferraresi eta Arkaitz Galbete Jiménez
Deskargatu